
Historiaurreko ikerketen arloan, Ekaingo haitzuloa ospetsu egin da; izan ere, haren barruan haitzuloetako irudi multzo handia dago: guztira, 70 irudi dira; 64 pintatuta daude, eta 6 grabatuta. Pintura batzuk grabatuak ere badituzte. Pinturak beltzak dira, bost izan ezik; azken horietan, beltzaz gain, okrea ere erabiltzen da. Zaldiak dira gehien agertzen diren irudiak. Gero, bisonteak. Horiez gain, oreinak, basahuntzak, izokin bat eta hartz bikote handi bat ere ageri dira. Beren estiloa ikusita, Erdi-goi Madeleine aldikoak direla uste da (duela 12.000 - 14.000 urte).
Azpeitiko Antxieta Taldeak aurkitu zituen 1969an, eta historiaurreko gizakiek utzi zuten moduan daude gaur egun. Irudiak eta horiek dauden zuloak batera aurkitu zirenez, zuloa zein irudiak egoera ezin hobean daude. Aranzadi elkarteko historiaurreko sailak zaintzen du haitzuloa geroztik, eta turismoa erakartzeko erabiltzea eragozten dute. Lan hori egitea zaila zen aurkikuntza egin eta ondorengo urteetan, Altamirako haitzuloak eta beste haitzulo batzuk etekin handiak ematen ari baitziren. Honenbestez, paleolitiko hainbat haitzulotako santutegiak arrisku larrian jarri dituen hondatzea ekidin da.
Haitzuloa itxita dago jendearentzat, bisita baimenduak besterik ezin dira egin. Haitzuloaren erreplika bat egiten ari dira, eta horrek jatorrizko haitzuloa hobeto babesten lagunduko du; bai eta ondare paregabe hori ingurukoei, Euskal Herri guztiari eta bisitatu nahi duten guztiei zabaltzea ere.