
Aztarnategian bost maila aurkitu dira, eta horietako bat behe paleolitoko egonaldiari dagokio. Halaber, II. eta III. mailen artean dagoen horizonteari balizko kronologia ematen zaio; hasierako goi paleolitikokoa, hain zuzen. Idiakaitzen (Irikaitz) aurkitutako aztarna batzuk paleolitoko egonaldikoak izateak garrantzia handia du; izan ere, Gipuzkoan aurkitu den garai hartako lehen aztarnategia litzateke. Euskal Herrian dagoen bakanetakoa, eta zaharrenetarikoa. Aurkikuntzaren garrantzia are handiagoa da materialak utzi ziren maila berean daudelako eta ez ibaiko jalkinak pilatzen diren terrazetan nahastuta (horrek garai hartako kronologia, ingurumen, kultura eta ohiturei buruzko informazio ugari ematen du). Aztarnategia garrantzia hartzen hasi da penintsulan ere, ezaugarri horiek guztiak biltzen dituzten aztarnategi gutxi baitaude.