Zestoako udala

EkainBerri

Zestoa ezagutzen

Bitxikeriak:

Leku bitxiak
Jangela arabiarra:
Zestoan al gaude? Bai. Zestoako Bainuetxeko Hotel Nagusiko jangela arabiarra da. Hotel Nagusia XIX. mende amaieran eraiki zen, eta garai hartako giroa ezin hobe gordetzen duten jangela eta egongela ugari ditu. Zalantzarik gabe, jangela arabiarra da horietatik apain eta exotikoena. Mozarabiar berriko estilokoa da, eta luxu handiz egina dago. Hiru gelatan banatzen da, arku arabiarren bidez. Harribitxi exotikoa da.
Jangela arabiarra
Zestoako bainuetxeko beste gela bat nabarmenduko dugu orain: Jangela Nagusia. Beste bainuetxe batean bihurtua aurkituko dugu Arrasateko Santa Ageda Manuel Gutierrez Aragónek zuzendutako “Visionarios” filmaren sekuentzia batzuetan. Filmeko protagonistak bainuetxeko zubi txikitik barrena iristen dira hotelera; ondoren, kafetegia eta Hotel Nagusiko sarrera agertzen dira; zaurituta dagoen pertsona bat telefonoz hitz egiten ari da (bainuetxea ospitale bihurtu zuten Gerra Zibilean); Antzoki-aretoa ere ikusten da... Eta, azkenik, Jangela Nagusia erabat hutsik. Han elkartuko dira berriz, saminez banandu ostean, José (Eduardo Noriega) eta Usua (Ingrid Rubio). Usua, Ezkiogako Ama Birjinaren agerraldien lekuko izan zen, eta berrelkartzea Santa Agedako zoroetxe ilunera joan (betirako?) baino lehen gertatu zen.
Ertxiñako mehatzeak:
Zestoa zementu naturala ekoizten zuen gune garrantzitsua izan zen XIX. mende erditik aurrera. Lehengaiak harria eta ikatza eskuratzeko erraztasunak eman zion garrantzia, hein handi batean, industria jarduera horri. Harria atera eta behar bezala txikitu ondoren, labeetan sartzen zen ikatzarekin batera. Erretako materiala birrindu egiten zen, eta hori zen zementuaren oinarria. Harrobiak Urola beheko kareharrizko mendiguneetan (Iraeta-Ibanarrieta inguruan) zeuden, eta ikatz mehatzeak, berriz, Ertxiña mendian eta Aizarnan. Dozenaka mehatze ireki ziren inguru haietan, eta ehunka langilek egin zuten lan garai hartan. Ez da erraza lan haien arrastoak aurkitzea, baina bizipen zoragarria da oraindik bertan dauden mehatze zuloetan metro batzuk barneratzea, eta naturaz kanpoko bakartasuna, iluntasuna eta atenporalitate sentsazio bitxia sentitzea. Mehatze horien kanpoaldean oraindik ikus daitezke beltz-beltzak diren gune batzuk. Kontraste ederra egiten dute nonahi hazten diren garo berde eta mamitsuekin.
Aizarnako Pozuetako eta Arriturriko garbilekuak:
Garbilekuak ez dira, jada, emakumeen derrigorrezko bilguneak, eta historian zehar bete duten funtzio berezi hori beste leku batzuek betetzen dute gaur egun. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar gizarte gune gisa izan duten garrantzia. Horren erakusgarria da horietako batzuen kalitate arkitektonikoa, Aizarnako garbilekuarena, esaterako baterako. Arropa garbitzea eta urez hornitzea jarduera erabat pribatuak eta etxekoak dira, gaur egun.
Baltzolako artetzarra:
Ehun urtetik gorako zuhaitz asko daude Zestoan; hala ere, nabarmentzekoa da Endoia mendiaren azpian dagoen Baltzola baserriko artea handiak duen itxura. Astiro hazi da (ehun urte behar izan ditu duen altura lortzeko), baina denboraren poderioz nabarra eta lerdena egin da. Apirilean edo maiatzean loratzen da, eta abuztuan erortzen zaizkio hosto zaharrak, horitu gabe. Urrian heltzen da, fruituak sakabanatzen ditu eta landare berriak jaio eta hazteko baldintza egokiak sortzen ditu bere itzal eta babesarekin.
Arteak nabarmen ari dira berreskuratzen Zestoan; izan ere, gero eta artadi gehiago daude herrian. Halaber, hiriko zenbait gunetan landatu dira, Laranjadi plazan, adibidez. Plaza horretan dozena erdi bat artea landatu dituzte bi laranjondorekin batera.
Zestoako Udala · Ayuntamiento de Zestoa 2007 © · e-Dukin entrewebs