Zestoako udala

EkainBerri

Zestoa ezagutzen

Bitxikeriak:

Pasadizo bitxiak
Jaiotza Ertxiñan:

Aspaldiko batean norbaitek irudikatu zuen, ondo asko, Ertxinako jaiotza: "bertako harkaitz baten barne-zuloa burniz eta kristalez osaturiko ate batez itxia dago. Eta han barruan, estalpean, Belenen bezala Jaiotza bat dago kokatua: haurraren eta gurasoen irudiak, abereak, tresabia... Hau hemen ezarri duen herriak badaki lurra apaintzen, gizakien ametsak jasotzen, festarik hunkigarrienak ospatzen".

Badira beste zenbait jaiotza eder Zestoan. Aipagarrienak Aizarnako triptikokoa eta Amilibiakoa dira. Iraetatik Aizarnazabal aldera goazela, Amilibia baserriak pasa eta laster, han ikusi ohi dira urtero, pago baten babesean, sustraipean, oihalez egindako irudiak. Ez dago, gelditu ere egin beharrik: kotxez zoazela ikusteko moduko irudiak dira; ez dute, beraz, xehetasun handiegirik, baina hala ere oso ikusgarriak dira. Alde batetik, ustekabean harrapatzen zaituztelako (ez duzu espero leku hartan jaiotzarekin topo egiterik); bestalde, halako giro magiko bat ekartzen digute burura: irudiak, basoa, aterpetxoa zuhaitzpean... , denak hada edo maitagarrien mundura eramaten gaitu.

Aizarnakoa ere nahiko jaiotza berezia da. Elizako triptiko flamenkoko irudi nagusia da, XVI. mendekoa. Han ageri dira, besteak beste, estalpea, San Jose, Maria, ume txikia, beste hainbat pertsona, aingerutxoak nonahi. Baina zoragarriena da irudi horien atzean ageri den paisaia, berde-berdea izan arren guretzat oso exotikoa. Eta oraindik eta exotikoagoa da paisaiaren ondoan hiri handi samar bat margotu izana. Izan ere, guk beti paisai edo ingurune bukoliko edo naturalekin lotzen baitugu jaiotza, inoiz ez hiri handi eta zalapartatsuekin.

Altzolaratseko zubitxoak:

Altzolaratseko zubitxoak aparteko zerbait dira; ia beti auzo-bideetan daude eta horien itxura era askotakoa da. Zubitxo horiek pertsonek erabili ohi dituzte baina animaliek errekatik bertatik pasa behar izaten dute. Gure baserriak aldatzen ari diren neurrian, zubitxo horiek ere desagertzeko zorian daude, modernitateak egitura praktikoagoak eta sendoagoak eskatzen baititu.

Barrerak:

Urtero-urtero Zestoako plaza erabat itxuraldatzen duten barrera koloretsu horiek jendetsu zein polemikoak diren herriko zezenketen sorrerarekin lotu behar dira nahitaez. Hala ere, gaur egun askoz ere funtzio zabalagoa betetzen dute, jendaurreko foru bilakatzen baitira eta beroien inguruan bueltaka aritzen baita jai giroa. Barrerak ateratzea nahikoa izaten omen da euria egiteko, esan ohi dute herriko edadetuenek, baina haiek ez dute jakingo euria ez ezik izurritea ere ekarri zutela barrerek 1785ean eta, seguruenik, hura izango zen barrerak jarri gabeko urte bakarrenetakoa. 1881ean, jarri, jarri omen ziren barrerak baina baita ia guztia erori eta zauritu mordoska bat eragin ere.

Barrerek hitz egingo balute, makina bat istorio bitxi kontatuko lizkigukete; ezin ahaztu duela mende bat pasatxo gure herrian mediku egon zen Pio Barojari gertatu zitzaiona: lehen soldata (ehun pezeta baino asko gehiago ez zen izango) jaso eta berehala, ordaindu omen zion ostatua Dolores serorari, botikariarekin zituen zorrak kitatu, eta herriko neskatxa batzuk gonbidatu omen zituen gozokiak eta ardo pixka bat hartzera; poltsikoan gelditzen zitzaizkion azkeneko diru txamarrak toreatzaileari eman omen zizkion, han barreratan bere ondoan eserita zeukan neskaren aurrean, bere buruari ponpoxo itxura emateagatik.

Joan Erentxunek dioen bezala, barrerak jarri eta kentzea, entretenimendu aspergarri samarra bada ere, urtero-urtero geure zezen iruzkinak egin eta azkeneko urzaleak agurtzeko aukera eskaintzen digu, eta baita negua datorrela iragarri ere.

Batzar nagusietako objetuak:

Udaletxeko batzar-aretoan oraindik han daude garai bateko herri-ordezkariek Batzar Nagusietarako izendatuta zituzten eserlekuak. Honako izenak ageri dira aipatu eserlekuetan: Zarauz, Andoain, Fuenterrabia, Urnieta, Anzuola, Irun, Elgueta, Deva, Azcoitia, Azpeitia, San Sebastian, Cestona, Tolosa, Vergara, Oñate, Elgoibar, Oyarzun, Mondragón, Sayaz, Hernani, Valle Real de Leniz, Andakabea, Arquisano, legazpia, Aristondo, Rentería, Ataun, Cegama, Gaviria, Segura, Bozue-mayor, Areria, Ainsuberreluz, Salinas, Aizpurua, Astigarraga, Puente-Olabide, Pasajes, Elduayen, Rio Oria, Villareal, Guetaria, Lizarza, Beasain, Villabona, Zumaya, Aya, Placencia, Artanalastegui, Villafranca eta Eibar.

Batzar Nagusiekin loturiko beste zenbait objektu ere aurki daitezke Zestoan, hala nola, tintontzia, salbadera eta bozketetarako ontzi bereziak. Bertara botatzen zituzten ezkur itxurako boto gordailuak, behin botoa barrura sartu eta itxi ondoren. Zilarrezko pieza horiek 1782ko urtean erosi zituen Zestoako Udalak eta berak gorde ditu gaur arte.

Zestoako Udala · Ayuntamiento de Zestoa 2007 © · e-Dukin entrewebs