Zestoako udala

EkainBerri

Zestoa ezagutzen

Bitxikeriak:

Pertsona ezagunak

Azorinek ere, bere "Veraneo Sentimental"ean Zestoako bainuetxeari buruzko literatur kronika zehatz bat idatzi zuen hango korridoreetan harat-honat dabiltzan bainulari, zerbitzari eta morroiekin. Zuzendariaren naturaltasuna azpimarratzen du, atezainaren seriotasuna eta isiltasuna, mahaizainaren diskrezioa, sosegua... eta zerbitzari nagusiaren aldeko hitzak ere baditu: emakume gazte eta argala da, zurbila, aurpegi-zorrotza, gerri estukoa, astiro ibiltzen dena, emekiro, gorputza pixka bat aurrerantz botaz, eta gona dotore bilduz, grazia handiz. Era askotako pertsonak etortzen ziren Zestoara uda pasatzera eta horiek ere komentario iturri ziren Azorinentzat: liburu iraunkorreko gizona, apaiz atsegina, amona hasperentsua, neskatila liraina, eta abar.

Urte gutxi batzuk lehenago, era askotako beste hainbat pertsonaia aipatu zituen Pío Barojak bere memorietan: Pitxia, beti franela zuriko trajez janzten zen, eta ausarta eta xelebrea zen; izan ere, ontza urreak uzten zizkien kaleko mutikoei haiekin jolas zezaten. Flamenkoa mahai gainean takoia joz dantzatzen zuen gazte bati buruz ere hitz egiten du; ohitura ikaragarria eta oso gaiztoa Zestoako herritarrentzat. Parodi zaharrak ere ezin zuen huts egin. Gartsua, hiztuna eta elefantea bezain handia eta astuna zen, eta txapel eskoziarra zeraman, atzeraka bi zinta erortzen zitzaizkiola. Trabadello "xelebrea" ere aipatu zuen, Arroan bizi izandako tenorea zen, eta Samogy izeneko tiplearekin ezkonduta zegoen. Trabadelo delako hori Parisko homosexual ezagunenetakoa omen zen.

José Manuel Ibar:
José Manuel Ibar "Urtain" ezizenaz gain, "Zestoako morroskoa" gisa ere ezaguna zen. "Urtain"-ek mundu osoan egin zuen ezagun Zestoa; ez, agian, euskal ohitura batengatik, baina bai mundu osoan ezaguna den kirolagatik: boxeoagatik.
José Manuel Ibar gaztetan harri-jasotzaile izan bazen ere, boxeoak eman zion ospea; izan ere, egin zituen lehen 30 borrokaldiak K.Oz irabazi zituen. Horrela, "Urtain"-ek bere ibilbide arrakastatsuari ekin zion: 1968, 1969, 1970, 1971 eta 1972. urteetan Gipuzkoako kirolari onena izendatu zuten; eta 1970-71. urteetan Europako eta Espainiako txapelketak irabazi zituen, hurrenez hurren.
José Manuel Ibar "Urtain"
José Manuel Ibar
"Royal Albert Hall" ospetsuan egindako borrokaldia egiten ari zela, José Manuel Ibarri txalotzeko prest zegoen jendeak Zestoako plaza bete zuen. Baina ez zen dena urre kolorekoa izan "Zestoako morroskoa"-rentzat; Goyo Peralta edo Blin boxeolarien aurkako borrokaldiak galdu egin zituen, besteak beste. "Urtain"-en biziak amaiera tragikoa izan zuen: 1992ko uztailaren 21ean bere buruaz beste egin zuen, 49 urte zituela.
Manuel Olaizola:
Manuel Olaizola 1909an jaio zen Endoiako Uztapide baserrian, Zestoan, eta 1983an hil zen. Txikitatik bertsoetarako zaletasuna nabari zitzaion. Sei edo zazpi urterekin, esaterako, bertso paperak buruz ikasi eta kantatzen zituen. Zubeltzu, Kortatxo, Basarri edo Txirrita bezalako beste bertsolari batzuekin batera lehiatuz, Lasturreko plazan bere lehen bertso ekitaldi publikoa egin ondoren, Uztapide herriz-herri ibili zen eguneroko bizitzak Zestoan irakatsitakoaren arabera bertsoak kantatzen. 1962an Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi zuen, eta hiru aldiz Txapelketa Nagusiaren jabe egin zen. 1972an, bertso saio baten erdian, ahotsik gabe geratu zen.
Manuel Olaizola
Manuel Olaizola
Baina bertsolaria ezezik, kontalaria ere bikaina zen Uztapide eta bere ekoizpena Noizbait (1964), Lengo egunak gogoan (1975) eta Sasoia joan da gero (1976) liburuetan aurkitzen dira (orain, Uztapide berriz plazara liburuan bildu dira denak). Uztapidek bere bizitza osoan zehar omenaldi asko jaso zituen, eta Zestoan oraindik ere oso bertsolari maitatua da; hango Udalak Herriko Seme Kuttun izendatu zuen 1980an.
Pío Baroja:
Pío Barojak medikuntza ikasi zuen, eta Zestoako medikua izan zen 1894tik 1895ra. Urte bitarte hori funtsezkoa izan zen idazlearentzat. Alde batetik, mediku izateko gaitasunik eta bokaziorik ez zuela ohartu zen, eta idaztea zela bere benetako bokazioa. Horrela idatzi zuen lehen liburua, Vidas Sombrías izenekoa. Bestalde, geroago ospetsu egingo zuen jarduera aurkitzeaz gain, Barojak Euskal Herria aurkitu zuten Zestoan. Izan ere, umea zela artean, Donostiatik alde egin behar izan zuen Barojak, eta Euskal Herritik kanpo igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Horrela, Zestoara iritsi zenean ez zuen inongo euskaldun senik; galtzeko zorian zegoen euskara ez zitzaion interesatzen, ezta arrotza egiten zitzaion herri horretako ohiturak ere.
Pío Barojak
Pío Barojak
Alabaina, jende xehearekin eta euskaldun jendearekin harremanak izaten hasi zen Zestoan, eta, ordutik, Juventud, egolatría izeneko liburuan Baroja berak aitortzen duen moduan: "Zestoan hasi nintzen euskaldun sentitzen".

Barojak liburu bat baino gehiagotan aipatzen du Zestoa; baina La casa de Aizgorri izenekoan aipatzen du, batez ere. Hark sortu zuen Zalacain pertsonaia abenturazalea ere Zestoa aldean ibili zen gure paisaia eder eta oparoak ezagutzen: Iraeta, Oikia eta Zestoatik barrena, Azpeitirako bidean.
Narciso Balenciaga:
1906-1935. Margolaria. Arroa Behean (Zestoa) jaioa. Hezurretako gaitz baten ondorioz, gaztetatik Donostiako erietxe batean egon behar izan zuen denbora askoan; orduan hasi omen zen lehenengo margoak egiten. 1931 eta 1932ko Artista Gazteen Erakusketetan lehen saria irabazi zuen. Beste erakusketa ugaritan hartu zuen parte, azkenekoa Mexikoko Liburutegi Nazionalean, 1935ean. Han harrapatu zuen heriotzak. Balentziaga nahiko margolari ona omen zen, eta bere lanak Madrilgo Arte Modernoko Museoan aurki daitezke. San Fernando Akademiako kide ere izan zen.
Joxe Errasti "Trukuman":
1853-1922. Petrikiloa. Urola bailaran oso ezaguna izan zen bere garaian eta baita urrutiagoko herrietan ere. Ignacio Maria Barriolaren liburuan (La medicina popular en el País Vasco) ageri denez, "de sus emplastos recuerdan uno eficacísimo para dolores de estomago, preparado con tres huevos podridos, canela y remoyuelo".
Zestoako Udala · Ayuntamiento de Zestoa 2007 © · e-Dukin entrewebs